Errukarria ni, Berri Ona hots egingo ez banu!
Jainkoak jarri gaituen lurrean loratzea
Joan den urteko urrian bizi izan genuen hilabete misiolari ezohikoaren ondoren, 2020ko urte honetako Domund-eguna Covid delakoaren pandemiak baldintzatua dago nahitaez. Norbaitek esana da, “Jainkoak jarri gaituen lurrean loratzera deituak gaudela”. Eta esaldi honen itzulpena une honetako egoera berezira eginik, misiolari guztiak une honen erronkara egokitzen ari dira beren egitarauak.
Guri Donostiako Elizbarruti bezala dagokigunez, eutsi egiten diogu krisi honen hasierakoan, Misio eta Lankidetzarako Elizbarrutiko Zerbitzuaren bidez, hartu genuen konpromisoari. Covid delakoaren larrialdia dela eta, Boliviako Alto Elizbarrutitik, Mexikoko Chiapasekotik, Ekuadorreko Guayaquilekotik eta Keniatik iritsi zaizkigun laguntza-eskariei erantzun diegu. Kontuan dugu, jakina, Domund-eguneko kanpainak misiogintza orokorraren plangintza unibertsalari begiratzen diola. Horrela bada, lau ekintza berezi hauez gainera, Domund-eguneko kanpainak gure bihotza katolikotasunera zabaltzera dei egiten digu, hau da, Eliza Katolikoaren beharrizan unibertsaletara zabalik egotera, arazoei Pedroren ondorengoaren bihotz misiolariaren ikuspegitik begiratuz.
Bestalde, une honetako larritasun-egoeraren gainetik, Domund-eguneko kanpaina egokiera ezin hobea da bokazio misiolaria berriro esnarazteko, edozein egoeratan garatu behar duen bokazioa baita, onaldian bezala zailtasunetan ere, osasunean eta gaixoaldian. Bibliako pasarterik deigarrienetakoa, bokazio misiolari unibertsala kristau guztioi dagokiguna dela dioen San Pauloren esaldi ezaguna da: “Errukiarria ni, Berri Ona hots egingo ez banu!” (1 Ko 9, 16). Pauloren bihotz sutsuaren barrutik sortutako hasperen honek gure kontzientzia misiolaria esnarazi nahi du; nolabait ere, gure bokazio misiolaria gauzatzeko dugun erantzukizunari egindako aipamena da. Ez ote dago hemen misiogintzarako bokazioari erantzun ez izanetik sortzen den ez-egitezko bekatua?
Hain zuzen, talentuen edo ontzako urreen parabolan gogor gaitzetsia gertatzen da, hartutako dirutza irabazpidean jarri ordez lurrean gorde zuen morroia, eta parabola hori entzuten dugun bakoitzean, San Pauloren esaldi hori datorkigu gogora: “Errukarria ni, Berri Ona hots egingo ez banu!” Jesu Kristogan fedea izateko dohaina merezigabea da, doan eman zaigu; hala izan zen judu herria ere aukeratua, munduari Jainkoaren errebelazioa ezagutzera emateko izan baitzen aukeratua. Baina Israel herriko zati batek galdu egin zuen, doan hartutako altxorra munduko herri guztiekin partekatu beharraren kontzientiza eta harrotu egin zen arraza aukeratua zelako; adibide honen harira, erne egon behar dugu, guk ere akats hori bera egin ez dezagun; horretarako bizitza bihurtu behar dugu, Kristok mundu guztia ebanjelizatzeko eman zigun agindua. “Hutsean hartu duzue, eman hutsean” (Mateo 10, 8).
Merezi du San Pauloren hasperen hau hark korintoarrei egindako lehenengo gutunaren testuinguruan entzutea: “Berri Ona hots egiten dudala eta, ezin naiz harrotu; ezinbestean dagokidan eginbeharra baitut hori, eta errukarria ni, Berri Ona hots egingo ez banu! Berri Ona neure gogoz hots egingo banu, mereziko nuke saria; baina nik nahi izan gabe ezarri didaten eginkizuna betetzen ari banaiz, zein sari zor zait orduan? Hauxe besterik ez: Berri Ona dohainik hots egitea, Berri Onaren zerbitzutik datozkidan eskubideez baliatu gabe. Guztiz libre naizen arren, guztien esklabo egin naiz, ahalik eta jende gehien Kristorentzat irabazteko. (…) Ahul direnekin ahul egin naiz, ahulak irabazteko. Guztiengana ahalik eta gehien egokitzen saiatu naiz, nolabait batzuen batzuk salbatzeko. Eta dena Berri Onagatik egiten dut, Berri On horretan nik ere parte izan dezadan” (1 Ko 9, 16-19. 22-23).
San Paulok jakinaren gainean jartzen gaitu, misiogintzaren erdian izan ditzakegun tentazioei buruz. Ebanjelizatzeko eginkizunean ez gaitezela paternalismo-harrokerian erori. Aski dugu Kristoren hitz hauek gogoratzea: «Morroiari esker ona zor ote diozue, agindua bete duelako? Zuek ere gauza bera: agindutako guztia egin eta gero, esan: “Morroi gizajoak gara; egin behar genuena besterik ez dugu egin”» (Lk 17, 9-10). Nolanahiko harrokeria-susmoa uxatzeko, hitz hauekin eman dio bukaera San Paulok berak esaldiari: «…Berri On horretan nik ere parte izan dezadan». Beste era batera esanda, Elizaren misioa espiritu eta asmo onez egina izan denaren bermerik onena ebanjelizatzaileek garbi izatea da, beraiek ere ebanjelizatuak direla, aldi berean.
Misiogintzan bateratuak azaltzen dira ebanjelizatuak eta ebanjelizatzaileak, artzainak eta ardiak, medikuak eta gaixoak; oso zail gertatzen da, non hasten den bakoitza eta non bukatzen den jakitea.
Honela bikoiztu daiteke San Pauloren oihu hori: «Errukarria ni, Berri Ona hots egingo ez banu! – Errukarria ni, ebanjelizatua izango ez banintz!»
† Jose Ignazio Munilla Agirre
Donostiako Gotzaina